top of page

Bere mendeurrena zela eta, 1885-1985, Casino de Tolosa-ren historia bildu zuen liburu interesgarri bat dago. José Félix del Hoyo Simón da egilea, eta une hartako presidentea Eduardo Arrillaga Dominguez. Gaur egun agortuta, elkartearen ehun urteko historia xehetasunez kontatzen duen liburu interesgarri hau ezinbesteko informazio-iturri da.

 

Web atari honetan ez dugu liburua osorik errepikatuko, horretarako baitago. Agortuta dagoenez, eta beharrezkoa izanez gero, bigarren edizio bat kaleratzeko aukera egon badago. Hastapenak azpimarratzen saiatuko gara, aspaldiko garai ezezagunak, eta ekimen haietan eragile izan ziren pertsonak nabarmentzen ere bai.

 

Noski, pertsonaia hauek guztiak zendu ziren, eta horietako askoren familiartekorik ez da Tolosan gelditzen. Gaur egun, abizen guztiz ezezagunak dira gainera. Lan hau, pertsonaia horiek ezagutzera emateko gogoz aurkezten dugu.

Ehun urte luze dituen elkarte honek 1885. urtean hasi zuen bere ibilbidea, tolosar talde batek momentu horretan Tolosan lehena izango zen elkarte bat sortzea erabaki zuenean. Horren ondorioz, 1885eko urtarrilaren 6an beraiek idatzitako estatutuak bidali zituzten, Gobernu Zibilak onartu zitzan.

 

Estatutuen onespen eskaeraren erantzuna 1885eko maiatzaren 25ean iritsi zen, eta beraz, harrezkero entitate legala izan zuen. Artean egoitzarik ez zutenez, udaletxeko azken solairua erabiltzen zuten biltoki gisa bazkideek, benetako askatasunez eta lagun arteko bizikidetza arauak jarraituz, egunkariak, zientzia irakurgaiak, literatura eta artistikoak, legezko eta begirunezko beste entretenimendu batzuk, eta ahalik eta erosotasun handiena aurki zitzaten, lehen estatutu haiek ziotenez..

 

Horrela, 1903. urtean, lokal horiek erabiltzeko beharrak bultzatuta, Udalak uzteko eskatu zien, eta horren ondorioz, beste egoitza bat topatu beharrean aurkitu ziren.

 

Une hartan, gaur egungo eta bere historian Casino Elkarteak izan duen egoitza bakarra eskuratzeko aukera izan zuten, Idiakez Jauregia. Udaletxearen aurrean kokatua, plaza Zarrean,  garai haietako gune garrantzitsuenetako bat zen Tolosan. Bestalde, eraikinaren kategoriak, osorik eskuratzeko aukerak (hainbat solairu) eta batez ere, bere kokapenak aitzindari haiek erosketa aurrera eramatera bultzatu zituen.

​

Garai haietan elkartea gidatzen zuen Zuzendaritza Batzordeak orduko 55.000 pezetaren truke erosi zuen eraikina.

​

Ordura arteko beste Zuzendaritza Batzorderen berririk ez dugu. Casino de Tolosa Elkartea adiskidetasun eta aisialdi toki bat zen, eta erosketa hori zela-eta eratu zen lehen Zuzendaritza Batzorde hori, ondorengo kideek osatua:

PRESIDENTEA

KARGUA

PRESIDENTEORDEA

IDAZKARIA

DIRUZAINA

KONTULARIA

BATZORDEKIDEA

BATZORDEKIDEA

Juan José Munita y Aramburu, artxibozaina

IZENA ETA LANBIDEA

Cirilo Recondo y Mugica, abokatua

Ramón Bandres y Azcue, abokatua eta udal idazkaria

Adrián Leloup y Blanc, merkataria

Juan Irazusta y Zanoni, langile partikularra

Juan Bodi y Tolosa, industrialaria

Julián Eizaguirre y Garmendia, lan-maisua

Merezi du gaur egun duguna posible egin zuten pertsona haiek nabarmentzea. Lehenik, langileria edo nekazalgotik ez zetozen pertsonak baziren ere, unibertsitate tituludunak titulurik ez zutenekin nahasten ziren, funtzionarioak enpresaburuekin, merkatariak, industrialariak… Garai hartako gizarte ikuspegitik aintzat hartzeko giza taldea zen, baita orduko usadioetarako oso irekia ere, nahiz eta gaurko ikuspegitik horrela  ez izan.

 

Kontuan izan behar da duela urte gutxi arte Tolosan Karlisten Gorte bat egon zela, Madrilgo Gortearen kopia bat, horrek zekartzan kargu eta noble guztiekin, eta, jakina, monarkien berezko klase bereizketarekin.

​

Denak ez ziren tolosarrak: Munita zarauztarra zen, Recondo ibartarra eta Eizaguirre orendaindarra. Leloup eta Bodi tolosarrak baziren ere, jatorri frantziarra eta italiarra zuten, hurrenez hurren

Aniztasun hori aberasgarria izan zen Casino Elkartea jatorri eta heziketa ezberdineko jendearen topagune bilakatzeko orduan, bizikidetza eta anaitasun leku bilakatu zen eta.

JUAN IRAZUSTA ZANONI (TOLOSA 1870-01-27)

Gozogilea zen, eta berarekin hasi zen gaur egun Gorrotxategi gozotegia izenez ezagutzen duguna, eta baita XAXU ezagunen sortzailea ere. Ondoren etorri zen Gorrotxategi sendia Zegamatik. Bera eta bere anaia Carlos izan ziren garai haietan ikus zitezkeen Gipuzkoako mendi-hegal hutsak Pinus insignis-arekin birlandatzearen aldeko bultzatzaile nagusiak.

​

MUNITA (ZARAUTZ 1848-01-03) eta BANDRÉS (TOLOSA 1871-09-18)

Funtzionarioak ziren. Bata Foru Aldundian, estreinatu berri zen Probintziako Artxiboan, eta nabarmentzekoa izan zen aparteko lan gisa egindako udal artxiboaren antolakuntza. Bestea udal idazkari aritu zen Udalean. 1985. urtean oposaketa bidez lortu, eta 1936ko abuztuaren 11an Baionara joan zen arte egon zen karguan. Baionan bertan zendu zen.

​

​

​

RECONDO (IBARRA 1866-07-08)

Bera bezala, bere ondorengoen artean abokatu ugari izan zituen familia baten arbasoa izan zen, baita medikuak ere, hiribilduaren ekimenetan eragin handia izan zutenak. Musikazalea eta Felipe Gorritiren ikaslea, biolin-jotzaile bikaina izan zen. Bere hirugarren belaunaldiko ondorengo batzuk nahiko ezagunak dira: Horietako batek, Jose Antoniok, sendagile radiologo bikain izateaz gain, oso sakon ikertu ditu frantziar okupazio garaiko gaiak, medikuntza eta ongintza hiribilduan, eta Tolosa eta Iruña arteko errege-bidea.

LELOUP (TOLOSA 1857-09-08)

Denda zuen Leitza kalean, ondorengo hainbat urtetan “Sucesores de Rosa Blanc” izenarekin jarraitu zuena. Bere alaba bat, Candidita, Auzitegi Goreneko magistratua zen Guzman Lacalle-rekin ezkondu zen; eta beren semea, Alvaro Lacalle Leloup, Goi Estatu Nagusiko General Nagusia eta ultraeskuindar militar ezaguna izan zen. 23F estatu kolpe ezagunaren atzean zegoela ere badiote.

​

EIZAGUIRRE (ORENDAIN 1856-01-08)

Lan-maisua izan zen. Bere semeetako bat, Guillermo Eizaguirre Ayestaran, lanen pausuak jarraituz, arkitekto ospetsua izan zen. Hainbat eraikinen artean, berak eraiki zituen Sakramentinoen eta Corazonisten elizak. Beste anaia batek, Pepek, Jesus Azkue eta Germán Iñurrategirekin batera, (tolosarrak, Casinoko eta EAJko kideak hirurak) Jose Antonio Primo de Rivera, Falange Españolaren sortzailea, epaitu eta heriotzara kondenatu zuen epaimahaia osatu zuen.

BODI (TOLOSA 1846-10-02)

Fede sakoneko industrialariak Izaskungo ermitaren zaharberritze eta  Santa Casa de Misericordia de Yurremendi-ko konponketa lanetarako donazio garrantzitsuak egin zituen. Claudio eta Martin, bere anaiak, bere heriotzaren ondoren, jarraian, Visitacion Damborenearekin ezkondu ziren, Felisa Damborenearen arreba, Eduardo Mocoroaren emaztea eta Bodi anaien ondasunak oinordetzan jaso zituena.

1903. urtearen amaieran, abenduaren 29an, Lorenzo Salterain y Mendialdua notarioaren aurrean salerosketa eskritura sinatu zuten.

 

Eskuratutako eraikin berrian obra eta berriztatze lan batzuk egin behar izan zituzten, eta horrela, erosi  eta bi urtera, 1906ko urtarrilaren 6an bere lehen Zuzendaritza Batzarra egin zen egoitza berrian. Juan José Labadía zen presidente momentu horretan, Bolas izengoitiarekin garaiko egunkariak girotu zituen kazetari eta kritikaria.

 

Data hau, urtarrilaren 6a, Errege Magoen eguna, garrantzitsua izan da Casino Elkartearentzat, tradizioz urteroko Batzar Orokorra  eta Zuzendaritza Batzordearen aldaketa data horretan egiten baitzen. Gainera, urte hasiera izanik, presidentearen agintaldiak bat egiten zuen urte naturalarekin.

​

Orduko eta gaur egungo Casinoren arazoa ekonomikoa da. Tolosarrak, eta euskal gizartea oro har, astindu dituzten gorabehera sozial eta politikoek eragin zuzena izan dute bere bilakaeran. Une batzuetan ia itxieratik gertu egon da, arazo ekonomikoak bultzatuta beti. Baina ez ziren arazo ekonomikoak bakarrik: 1936ko Gerra Zibilaren aurreko urte aztoratuetan, bazkideen arteko tirabira politikoak ugariak izan ziren, nahiz eta Casinok alderdiz kanpoko izaera izan, eta horrek noizbehinka elkarteko bizikidetza zailtzen zuen.

bottom of page